Finalaurrekoak jokatuta, Gernikako finala prest!
GOIKOETXEA-MANZI vs ERKIAGA-DEL RIO: 13-15, 5-15
OLHARAN-LEKERIKA vs JOHAN-ZABALA: 11-12 (partida bertan behera)
* Goizean egin diote erradiografia Olharani eta hasiera batean, ez dauka hezurrik hautsita
* Markagailuan 11na zioazenean “krakatekoa” entzun zuen Paueko aurrelariak, bere eskuineko hankan
* Bihar ekografia egingo diote
* Johan-Zabala vs Erkiaga-Del Rio, Grand Slameko finala
Gaur goizean lehen erradiografia egin diote Donibane Lohizunen Olharani eta hasiera batean, ez dauka hezurrik hautsita. Pilotariaren beraren hipotesi nagusia beraz, albo batera utzi dute medikuek eta proba gehiago egin beharko dizkiote diagnostikoarekin asmatzeko. Bihar erradiografia bat egingo diote ea lotailuen haustura duen ala ez argitzeko. Partida hamaikana zioanean, Johan Sorozabal aire sartu, sahietseko posturan barrura errematatu eta orduantxe hartu zuen min Olharanek. Pilota xisteran sartzeko arineketan abiatu zen barrurantz, eskuineko oina ezker paretean jarri eta “krakateko” bat entzun zuen, orkatila baino 10 bat zentimetro gorago. Isilik geratu zen Katedrala. Beste pilotariek lagunduta atera zen kantxatik eta nahiz eta min handia izan, Jean Dominiquek ez zituen bere irribarrea eta umorea galdu.
Horrlaxe bukatu zen berez festa handi bat izan behar zuen gaua. Gernikako Jai Alaia leporaino bete zen berriz Grand Slameko finalerdiak ikusteko. Olharan eta Lekerika faborito argiak ziren eta 5-0 jarri ziren aurretik, Johan Sorozabal eta Jon Zabalaren aurka. Partiduak ez zuen kolorerik, edo ala zirudien. Baina 6 eta 1ekoaren ondotik, Johan jokoan sartu zen. 10 koadrora jaitsi zen bere atzelariari laguntzera. Errebesez ondo piloteatu zuen eta errematean asmatu. Zazpi tantu egin zituen, mota guztietakoak, partidua eten zen arte:
5-1: eskuinarekin errebotean
6-4: txik-txak
6-5: txapa gainean moztuta
9-6: zabalean apurtu
9-8: sahietsetik barrura
10-10: aurkariak engainatu eta barruan goxo goxo
11-12: sahietsetik barrura
Olharanek eta Lekerikak ez zuten arriskatzeko premiarik. Seguru jokatzea nahikoa izango zuten, ziurrenik, finalera sartzeko. Johanek aldiz arriskatu egin behar zuen eta partidua eten zen arte, bera izan zen lau pilotarietan onena.
Finalari begira Erkiaga eta Del Rio dira faborito, argi eta garbi. Baina Johanek eta Zabalak badute euren aukera. Pilota motela behar dute. Horrekin sufritzen dute gehien euren aurkariek, atzo sufritu zuten bezalaxe. Lehen seta irabaztea kosta egin zitzaien Aritzi eta Juleni (13-15) baina bigarrenean, pilota berotuta, airean joan ziren 15. kartoira. Goikoetxeak eta Manziren aukera bakarra lehen seta irabaztea zen, eta ondoren hirugarrenean partida irabaztea. Baina lehen jokoa galdu egin zuten eta bigarrenean ez zuten inolako aukerarik izan.
Hala ere izango dugu finalaz hitz egiteko denbora. Oraindik ez zaigu atzoko sustoa pasa. Ezta Barandikaren lesio larriarena ere.
Behin aldageletan, Olharanek halaxe esan zion Lekerikari: “Sentitzen dut Unai, finala izorratu dizut”. Eta gernikarrak erantzun: “Lehenego osasuna da Jean Do! emaitzak etorriko dira”.
Horixe ba. Lehenego osasuna! Animo mutilak!