Agur Goiko!

 In Noticias

BADOA PILOTARIRIK HANDIENA ETA MOMENTURIK ONENEAN GAINERA

· 27 urte eta gero erretiroa hartuko du Goikoetxeak, beretzat zein zestarentzat, momentu onenean.
· Zumaian hasiko du agur bira (ekainak 24 eta 30) eta Gernikako WINTER SERIES-a izango du azken txapelketa.
· Pilotari errepikaezina da zumaiarra eta historiako onenen klubean, gorengo mailan dago.
· Banakako 13 txapel ditu, Binaka 8 Munduko Txapelketa eta Miami Jai Alain 5 Hiruko Koroa. Atlantikoaren bi aldeetara irabazi dituen gainontzeko torneoak, zenbaezinak dira.
· Apala eta maitatua, bere jokabideagatik eredu bat da belaunaldi berrientzat.
· Goikok pilota munduan jarraituko du ERAMAN! enpresako Kirol Zuzendari karguan.

Erretiroa hartuko du handienetan handienak eta momenturik onenean egingo du gainera. Parerik ez duen pilotaria, ERREPIKAEZINA eta ez-ohiko dohainak dituena. Oraindik orain mailarik altuenean ari da jokatzen eta baita txapelketak irabazten ere. Sekulako pilotari da, ikaragarria, azken bi hamarkada pasatxotan zesta-puntan nagusi izan dena. Goikoetxea ez da bere garaiko pilotaririk onena, edo ez hori bakarrik behinik behin. Zesta-puntako Erregea izan da eta historiako handienen artean, gorengo mailan dago bere lekua.
Kirol honen hasieretatik gaur egunera arte, milaka pilotari profesional izan dira munduan. Denen artean, puntista handienen klubean sartu da Goikoetxea. Klub oso mugatuan. Bere jokoaz aparte, bere izateko moduak eta jokabideak ere handi egiten du. Pilotari apala eta maitatua da, bai Euskal Herrian eta baita gure mugetatik kanpo ere. Belaunaldi berrientzat ezinbesteko eredua.
Lasai hala ere. Oraindik apur baterako badugu Goiko eta. Bera agurreko lehen hitzordua Zumaian bertan izango da (Master Seriesa, ekainaren 24an eta 30ean) eta Markina-Xemein, Donibane-Lohitzune, Pau, Gernika, Biarritz, Hondarribia, Madril eta Durangoko frontoietatik ere pasako da, xistera azken aldiz Gernikako WINTER SERIESean jarri arte. Egungo txapelketarik garrantzitsu eta entzutetsuenean erretiratuko da. Zesta-puntaren joera aldatu eta kirol honi bide berri eta itxaropentsua ireki du Winterrak.

BIZITZA OSOA JAI ALAI-ARI ESKEINIA
Hiru anaia pilotarien artean gazteena da Iñaki Osa Goikoetxea (Zumaia, 1980).

Odieta pilotalekuan hasi zen zestaz eta 16 urte besterik ez zituela, ume bat zela oraindik, etxeko kabitik kanpora atera zen. Maleta egin, zesta hartu eta Milanera joan zen debuta egitera. Italiatik Estatu Batuetara pasatu zen. Lehenbizi Newport Jai Alaira -New York eta Boston artean- eta ondoren Floridara. Orlandon izar bihurtu zen eta Miamiko 13 urteetan “Errege” izengoitia irabazi zuen. Bizitza erdi atzerrian egin ondoren, 35 urterekin Zumaira itzuli zen. Maleta batekin atera zen etxetik eta familia bat osatuta bueltatu zen bere herrira.
Ameriketako urte horiek Euskal Herriko udako denboraldiekin bateratu izan ditu Iñakik, egon diren eta dauden titulu guztiak irabaziz. Banakako 13 txapel, Binaka Munduko Txapeldun 8 aldiz eta Miamiko frontoian 5 Hiruko Koroa. Horrez gain, kontaezinak dira Bidasoaren bi aldeetan irabazitako txapelketak: Gernikako Grand Slama, Biarritzeko Urrezko Xistera, Donibane Lohitzuneko Nazioartekoak… eta bere jokoa erakutsi duen gainerako frontoi guztietan ere garaipenak lortu ditu: Iparraldean, Hegoaldean, Bartzelonan, Madrilen, Pauen, Hossegorren…

Azken urteetan Zumaian ezarri du bere bizilekua eta Euskal Herriko zirkuituan zentratu da, nahiz eta Mexikon txapelketa edo denboraldi batzuk ere tartekatu. Han ere, podiumaren goiko aldean ikusi dute zesta-zale mexikarrek.

GOI MAILAN DAGOELA UTZIKO DU ZESTA-PUNTA
Iñakik gorengo mailan utziko du zesta-punta. Oraindik Errege dela. Gaur gaurkoz, oso maila altuan ari da lehiatzen eta edozein aurkariri irabazteko gai da. Txapelketa guztietan, Goiko da beti faborito nagusietako bat.
Dena irabazi eta gero, azken urtetan presio gabe ari da jokatzen eta inoiz baino gehiago ari da kantxan gozatzen. Normala den moduan, dagoeneko ez du beste sasoi bateko “gatzik” baina fisikoki oso ondo dago, teknikoki ez du hutsunerik eta bere gorputz ezaugarriengatik (1’93 m eta 97kg) aurkari beldurgarria da edozein pilotarirentzat.
Iñakik erretiroa hartzeko momentua aukeratu ahal izan du eta unerik onenean egiten asmatu du. Bai berarentzat eta baita zesta-puntarentzat. Irribarrez dago Jai Alaia, ilusioz betetako ziklo berri batean.

ERAMAN! ENPRESAKO KIROL ZUZENDARI
Goikoetxeak pilota munduan jarraituko du. Behin xistera albo batera utzita, Eraman! enpresako Kirol Zuzendari izango da. Ez dago pertsona egokiagorik postu horretarako.

ZUMAIAN IKUSTEKO AZKEN AUKERA
Erretiroa hartzen duela iragarri eta berehala, Zumaian izango da jokatzen Iñaki Osa Goikoetxea. Ekainaren 24an eta 30ean jokatuko da Master Seriesa eta hauxe izango da Aitzuri frontoian Goiko ikusteko azken aukera.

Ekainak 24, 19:00tan, finalerdiak:
BARANDIKA-LOPEZ vs ERKIAGA-ZABALA GOIKOETXEA-MANZI vs JOHAN-DEL RIO
Ekainak 20, 19:00tan, FINALA
Sarrerak salgai www.eramanjaialai.com atarian

GOIKOETXEAREN AGURRA
MARKINA-XEMEIN, ekainak 9-uztailak 16 ZUMAIA, ekainak 24 eta 30
DONIBANE-LOHITZUNE, uztailak 6-abuztuak 29 PAU, uztailak 7-irailak 7
GERNIKA, uztailak 15-abuztuak 12
BIARRITZ, uztailak 10-abuztuak 25 HONDARRIBIA, abuztuak 11-irailak 16
DURANGO, urriak 9-16
MADRIL, urriak 20-22
WINTER SERIES, urriak 30-otsailak 11

PALMARESA
Goikoetxeak bere ibibidean irabazitako txapelketak zenbaezinak dira. Miamin irabazitakoekin bakarrik, hainbat orrialde beteko genituzke eta beste horren beste Euskal Herrian, Mexikon, Estatu Batuetako enpresen arteko torneoetan etab. lortutakoekin.
Beste edozein pilotarik, bere palmaresean nabarmenduko lituzke Grand Slamak, Urrezko Xisterak edo Nazioartekoak. Zerrenda honetan, titulu ofizialetara eta Miamin irabazitako Hiruko Koroetara mugatu gara bakarrik.
BANAKAKO 13 TXAPELKETA

BANAKAKO 13 TXAPELKETA

2001. Berriatua (vs Alberdi)
2002. Berriatua (vs Bereikua) 2003. Berriatua (vs Bereikua) 2006. Durango (vs Elizegi)
2007. Durango (vs Bereikua)
2009. Hondarribia (vs López) 2010. Gasteiz (vs Egiguren)
2011. Durango (vs Egiguren)
2012. Hondarribia (vs Lopez) 2015. Deportivo Bilbao (vs Egiguren) 2016. Frontón Bizkaia (vs Olharan) 2017. Frontón Bizkaia (vs López) 2018. Zumaia (vs López)

8 MUNDUKO TXAPELKETA BINAKA

2002. Goikoetxea-Enbil (FIPV) 2003.
Goikoetxea-Enbil (FIPV) 2004.
Goikoetxea-Enbil (FIPV) 2006.
Goikoetxea-Enbil (MPB) 2007.
Goikoetxea-Enbil (MPB) 2011.
Goikoetxea-Lopez (MPB)

Kinielen Munduko Txapelketak (Binaka)

2006. Goikoetxea-Irastorza (FIPV) 2007. Goikoetxea-Irastorza (FIPV)

5 HIRUKO KOROA MIAMI JAI ALAI-N
Bost alditan, denboraldi horretan jokoan zeuden titulu guztiak irabazi zituen Goikoetxeak Miamin:

Most Wins
Singles Champion
Doubles Champion