‼Emozio gehiegi gau baterako!
· Erkiagaren erakustaldi itzela Markina-Xemeinen. Goitia eta Lopez, kalera.
· Unibertsitateak tente agurtu du Goikoetxea, azken tantuan partida galduta.
· “Txato” Egurbideren heriotzaren albistea iritsi zen Connecticutetik. Omenaldi hunkigarria berari ere, frontoi guztia zutunik jarrita.
San Juan bezpera izanda ere, jendetza batu da Markina-Xemeingo Unibertsitatean eta gau majikoa bizi izan dugu frontoian. Majikoa eta emozioz beterikoa. Emozioa joko aldetik. Bi partidetan AZKEN TANTUAN erabaki baita finalerditako sailkapena. Eta emozioa bi agurrengatik. Bata, Goikoetxeak ez duela gehiago Unian jokatuko. Zutik jarri dira harmailak “Goikooo! Goikooo!” ohiukatuz. Kantxa erdira atera eskerrak eman dizkie markinarrei Iñakik. Bigarren agurra gogorragoa. Jose Antonio “Txato” Egurbiderena. Zesta-puntako handienen klubekoa. Mutrikuarra. Milforden intendente ere aritutakoa. Goian Bego Egurbide. 84 urterekin hil da Connecticuten.
Jaialdia bizi hasi da. Bizi, Aritz Erkiaga halaxe sartu delako kantxara. Zezen bat plazara irteten den moduan. Partidua 2-0 irabazi behar behar zuten txapelketatik kanpo ez geratzeko, eta gainera zazpi tantuko diferentzia atera. Ispasterko aurrelaria matematikoa da. Buruan kalkulagailua du eta besoetan eskuaira eta kartaboia. Horri beste ezaugarri bat gehitu behar zaio. Ibarluzeari eman dion konfiantza eta sosegua. Osagai perfektuak helburua lortzeko.
Partida hasieratik errematatzen hasi da Erkiaga. Zelan gainera. Edozein aukera aprobetxatu du horretarako. Sahietsetik egin du min, horma-bietara, barrura eta txik-txakera botaz. Eskumarekin txapa gainean moztu du eta Goitia eta Lopez dantzan jarri ditu. Lehenengo setean sei tantuko diferentzia lortu du jada (8-14) baina erasoan, pilota bi joan zaizkio kontrakantxara eta Goitiak harrapatu eta amaitu dio hirugarrena. 11-15 bukatu da seta. Lau tantuko diferentzia. Beste hiru behar.
Bigarren setean gauzak konplikatu zaizkie urdinei. Lau tantuz jarri dira atzetik (7-4) eta Goitia eta Lopezen sailkapena gero eta gertuago zegoen. Baina Erkiagak berriz arrankatu du. Zortzi eta zazpikoa, errebotetik egin du, zabalera botata. Eta zortzinakoa berriz, sahietsetik zabalean pilota apurtuta! Gorriek hala ere, beste bi tantu lortu dituzte (10-8) baina Goitiak bi-pareta atera eta Erkiagak asmatu egin dio. Gorriek 13 tantu behar zituzten sailkatzeko eta 12-10 jarri dira aurretik. Tantu bakarra falta… baina ezin lortu. 12-11an itzelezko horma-bikoa egin du Erkiagak, urrutitik eta errebesez. Txik-txakera botata jarri dira aurretik (12-13) eta aurkariak “zubian” jarri ditu 12 eta 14koa lortzeko. Azken tantu falta. Gorrien 13.a edo urdinen 15.a. Txapelketan bizirik nork jarraitu erabaki duena. Tentsio itzela kantxan, beste horrenbeste harmailetan eta azkenean tantua… urdin! Erkiaga eta Ibarluzea, finalerdietan daude.
Bigarren partiduan zutik jarri da Unibertsitatea Goikoetxeari ongietorria egiteko. Eta halaxe bukatu du, zutik, bera agurtzeko. Finalerdietara sailkatzeko derrigorrez irabazi behar zuten Goikoetxea-Atain eta Olharan-Zabala bikoteek. Batentzat zegoen bakarrik lekua. Ondo hasi dira gorriak. Olharanek eta Zabalak atzera kargatu dute baina ondo eutsi dio Atainek eta partida aurrera joan hala, goruntz joan da Goikoren jokoa. 10-10 iritsi dira lehen setaren amaierara eta bukatzen jakin du Iñakik. Errebotean baztertuta, zazpi koadrotik hormabikoa sartuta eta txapa gainean pilota gastatuta. 15-12, gorri. Baina bigarrenean, buelta eman diote markagailuari Olharanek eta Zabalak (10-15) eta bost tantura jokatu behar izan dute sailkapena.
0-1, Atainek gora. 1-1, Zabalari pilotak xisteratik ihes. 1-2, urdinak berriz aurretik. 2-2, Goikok ez du errematean asmatu, Olharanek eraso, Atainek ondo eutsi eta azkenean markinar gazteak tantua. 3-2, Atainek txulara. 3-3, Zabalaren “bajonazoa”, errebesez azpi azpitik tanto. 4-3, gorriak lehen aldiz aurretik. 4-4, Olharanek hormabikoa albotik, aurkariak engainatuz.
Azken tantoa. Beste tentsio une handi bat. Goikoetxeak beste partidu bat nahi du Unian, gutxienez. Horretarako aukera iritsi zaio. Pilota bilatu du. Gorputza ezkerraldera eraman eta eskumaz sartuko da. Badaki zer egin. Pilota APURTU egingo du. Gastatu. Errementatu. Horretarako esku eskura dauka. Baina… zer bota pentsatzen dabilela, pilota zesta-barruan sartzea falta izan zaio.
· AGUR IÑAKI! AGUR GOIKO!
· MARKINA-XEMEINGO UNIBERTSITATEA ZUTIK JARRITA ZUMAIAKO PILOTARI HANDIA AGURTZEKO!
· GOIKO KANTXA ERDIAN EMOZIONATUTA ETA ESKERTUTA! ETA PILOTAZALEAK ERE BAI!
· ZERUTIK BEGIRA DAGO “TXATO” EGURBIDE. BERA HIL DEN EGUNEAN AGURTU DA GOIKOETXEA UNIBERTSITATETIK.
· BELAUNALDI BATEN SINBOLOA JOAN ZAIGU MUNDU HONETATIK.
· BESTE BELAUNALDI BATEKO FIGURA HANDIA, KANTXATIK.
· NEGARRIK EZ LAGUNOK, HAUXE DA BIZITZAREN LEGEA ETA.
GORA JAI ALAI!
AGUR BAT