Barandika eta Basque, konstantziaren garaipena!
BARANDIKA-BASQUE vs ERKIAGA-IBARLUZEA: 15-11, 9-15, 5-2
Erika-Maddi vs Lur-Arai: 8-15, 8-15
Goikoetxeak omenaldi beroa jaso du eta markinarren izenean saria eman dio “Txino” Bengoak eta udaleko ordezkaritzak
3.500 zale batu dira aurtengo Grand Slamean. Markina-Xemeinek 5.000 biztanle ditu eta ia 1.000 laguneko frontoia (Iruñeko Labritek beste). Gaurkoan goraino beteta eta sarrerak aspaldi agortuta.
Xabi Barandikak eta Thibault Basquek irabazi dute Markina-Xemeingo Grand Slama. Hasiera hasieratik izan dira txapelketa honetako “faborito isilak”. Aurkezpen egunetik faborito ziren pilotazale askorentzat, baina etiketa hori ez eramatearen “zortea” izan dute. Gainerako bost bikoteetan herriko pilotariren bat egon da. Etxean jokatzearen ohorea izan dute, baina baita presioa ere. Xabik eta Thibaultek, presio gutxirekin, aurrera egin dute partiduz partidu eta azkenean eurek izan dira garaipena lortu dutenak.
Partidua ondo diseinatuta izan dute irabazleek. Erkiaga jokotik kentzea. Ispasterkoa gainetik pasa eta ahal dela, ez dezala asko erreboteatu. Ondo hasi dira gorriak, atzera kargatuz. Deskantsura 8-4 heldu dira Erkiagak aukera handirik izan barik. Errebotean eta oso behartuta egin du tantu nabarmenena, lurrera indarrez botata. Baina partidua ez da apurtu. Ibarluzeak eutsi egin dio, Aritz sahietsetik hasi da errematatzen eta 8-8 eta 9-9 berdindu dute. Barandikak hautsi du berdinketa, sake errestoan errematatuz (10-9) eta hortik ia zuzenean joan dira hamabostera (15-11).
Baina bigarren jokoan gauzak asko aldatu dira. Materiala berotuta, Erkiagaren aukerak haunditzen dira. Bapatean 4-7 jarri dira urdinak aurretik. Basquek ere huts dezente egin ditu gaur bote-korridora. Eskuinez ipintzen izan da postura horretan, nahiz eta errebesa ondo dominatu. Gorriak apur bat urreratu dira baina 6-7koan frontoia zutik jarri du Ispasterkoak. Zortzi koadrotik, eskumaz, goxo goxo utzi du txapa gainean. Hilda. Ia jagirik ere ez du egin pilotak. Bestela Barandika han zen! 9-15 bukatu da seta Erkiagaren hormabiko eder batzueki. Desenpatera.
Bost tantuko azken txanpa huts banarekin hasi da. Ondoren, tanto ederra Barandikak errebotez (2-1). Xabiren errebotea erasoko arma itzela da. Eta Erkiagak ere errebotez erantzun dio baina errebesez (2-2). Ez dute tanto gehiago egin urdinek 3-2koa ere Barandikak sinatu du, sake errestoan. 4-2koa Basquek, atzean. Eta 5-2koa Aritzek kanpora bota duen errematea izan da. Bota egin behar zuen eta gutxigatik joan da kanpora.
Egun ederra biribiltzeko Iñaki Osa Goikoetxeari omenaldia egin diote. Txapelketan ez da finalera heldu eta publiko moduan ikusi du partida. Juan Mari Bengoa handiak eta Mari Eli Ituarte udal zinegotziak eman diote herri osoaren partez esker ona adierazteko artelana.
Gauza haundia da 5.000 biztanleko herriak 1.000 lagun sartzen diren pilotalekua izatea. Iruñeko Labritek duen edukiera da baina askoz tamaina txikiagoko herrian. Iaz antolatu zen lehen aldiz Grand Slama eta aurtengo edizio honetan 3500 zale inguru elkartu dira Unibertsitatean. Bada zerbait! Gorunzko bideak jarrai dezala!